Zuzendari Titularra

Perry So

Perry Pak Hin So zuzendaria Hong Kongen jaio zen 1982an. Han, gazte-gaztetan jaso zuen musika-prestakuntza pianoan, organoan, biolinean, biolan eta konposizioan. Ondoren,  Literatura Konparatuan lizentziatu zen Yaleko Unibertsitatean, XX. mendeko Europa Erdialdeko musikan eta literaturan espezializatuta.

Garai hartan, orkestra akademiko bat sortu eta ekoizpen lirikoak zuzendu zituen graduko ikasleekin. 2008an, zuzendaritza-ikasketak egin zituen Baltimoreko Peabody Institutuan, Gustav Meier maisuaren babespean, San Petersburgoko Prokofiev Nazioarteko Zuzendaritza Lehiaketaren 5. edizioan Lehen Saria eta Sari Berezia jasota. Aitortza horren ondoren, Zuzendaritza Laguntzaile izendatu zuten Hong Kongeko Filarmonikoan eta, gero, bertako Zuzendari Elkartua izan zen; aurrerago, Los Angelesko Filarmonikoa zuzentzeko gonbitea jaso zuen, bai eta Asturiasko Printzerriko Orkestra Sinfonikoa ere. 

Bost kontinenteetan nabarmen ibilia, Perry Sok debuta egin du berrikitan San Frantziskoko Sinfonikoarekin eta, opera-zuzendari ere aritu da, bai Royal Danish Operan–Txirula Magikoa-, bai Yaleko Operan –Eugene Onegin-. Bere ibilbideko azken hiru mugarrien artean, hiru bira garrantzitsu nabarmentzen dira: Milan aldean egindakoa, Nurenbergeko Sinfonikoa zuzendurik; beste bat Balkanetan barna, 2013an, Zagrebeko Filarmonikoarekin eta, hirugarren bira, zazpi astekoa, Hego Afrikan zehar, hiru orkestra zuzendurik; azken bira horretan, Verdiren Requiem lana interpretatu zuen South African National Arts Festivalaren baitan.

Proiektu eta gonbidapen horiez gain, So maisuak 30etik gora orkestra zuzendu ditu mundu zabalean; besteak beste, San Frantziskoko Sinfonikoa, Galeseko Orkestra Nazionala, Staatsorchester Rheinische Philharmonie, New Zeelandako Sinfonikoa, Shangaiko Sinfonikoa, Hagako Residentie Orkest-a edota Londresko Filarmonikoa, bai eta Espainiako dozena erdi bat orkestra ere. Era berean, maisu-laguntzaile kargua bete du Edo de Waart, Esa Pekka-Salonen, Gustavo Dudamel, Lorin Maazel eta John Adams maisu arras ospetsuekin.

Perry So, bestalde, Manhattan School of Music-eko Musika Zuzendaritza fakultateko kide da eta, halaber, disko-grabazio sorta oparoa egina dauka, BBC National Orchestra of Wales eta BBC Concert Orchestra orkestrak zuzendurik eta kritikaren aitortza behin eta berriz eskuraturik. 2021ean, gainera, Diapason d’Or saria eman zioten. 

www.perryso.com

Calle Sandoval, 6. 31002 Pamplona, Navarra. T +34 948 229 217 info@orquestadenavarra.es
Bulego-orduak: astelehenetik ostiralera, 9:30etik 16:00etara

2024 © Nafarroako Orkestra Sinfonikoa