Orkestra

Nafarroako Orkestra Sinfonikoa

Nafarroako Orkestra Sinfonikoa Pablo Sarasate jaunak sortu zuen 1879an; horrenbestez, jardunean ari den talderik zaharrena da Espainiako orkestren artean.

Pablo Sarasate Fundazioa 1997ko abenduan sortu zenetik, Orkestra sakon eraldatu da, kalitate artistikoan bikaintasunaren bila aritzea izan baita helburu nagusia. Horregatik, gaur egun, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak errepertoriorik zabalena jotzen du, lankidetzan aritzen da eskuarki mundu osoan ospetsuak diren bakarlari eta zuzendariekin, eta Espainiako orkestrarik onenetakoen artean dago adituen ustez; maiz gonbidatzen dute Espainiako naiz nazioarteko goi-mailako kontzertu-areto eta jaialdietara. Gaur egun, Antoni Wit maisua da Zuzendari Titular eta Artistikoa, eta Cristóbal Soler maisua, berriz, Zuzendari Elkartua.

Azken denboraldietan, hiru aldiz gonbidatu dute Nafarroako Orkestra Sinfonikoa Parisko Theatre des Champs-Elysées antzoki ospetsura, eta han, Daniella Barcelona, Juan Diego Flórez eta Roberto Alagna bakarlariekin aritu da. 2009-2011 hirurtekoan, halaber, Orkestrak Parisko Theatre du Chatelet antzokiaren gonbidapena jaso zuen hiru produkzio lirikotarako (Magdalena, H. Villalobosena; Cyrano de Bergerac, Alfanorena; eta Il Postino, D. Catánena, azken bi horietan Plácido Domingo paper garrantzitsuan aritu zelarik), bai eta bi kontzertu sinfonikotarako ere, betiere Ernest Martínez Izquierdo titularrak zuzendurik. Halaber, Nafarroako kulturaren enbaxadore den aldetik, berrikitan 7 kontzertuko bira bat egin du Txinako bost hiri garrantzitsutan.

 

GAUR EGUN

Orkestrak 2.000tik gora abonatu ditu Iruñeko denboraldi zikloan. Gainera, Gayarre kantu lehiaketako eta Sarasate biolin lehiaketako orkestra titularra da, eta eskuarki, lankidetzan aritzen da opera-denboraldietan eta emanaldi lirikoetan bai Iruñean, bai Espainia guztian, bai atzerrian. Orkestraren azken grabazioen artean, Sarasateren lan guztien grabazioa da nabarmentzekoa, Naxos etxerako ondua, Tianwa Yang biolin-jotzailearekin batera; dagoenekoz, grabazioaren hiru CD daude salgai, eta horren osagarri, beste disko bat ere merkaturatuko da sarri.

Nafarroako Orkestra Sinfonikoak Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren diru-laguntza jasotzen du, eta hainbat enpresa pribatuk babestua dago; Diario de Navarrak, Gas Natural Fenosak eta “la Caixa”-k babestua, hain zuzen ere.

Calle Mayor, 48. 31610 Villava, Navarra. T +34 948 229 217 info@orquestadenavarra.es
Bulego-orduak: astelehenetik ostiralera, 9:30etik 16:00etara

2018 © Nafarroako Orkestra Sinfonikoa

X